OASE ikuskizunean bizitakoa gure begietatik

Otsailaren 21-ean, OASE dantza-ikuskizunean parte hartzeko aukera izan genuen, Theater Bremen-en eskutik eta deloopers taldearekin elkarlanean. Ez zen gure ekitaldia, baina bai gure kulturaren zati bat oholtza gainera eramateko aukera ederra.

Ikuskizunaren hasieran giro berezi bat sortu zen. Dantzariak Giacomettiren irudietan inspiratutako formetan mugitzen hasi zirenean, Oliviak eta Julenek txalapartarekin erritmo ezberdinak jo genituen, irudi horien bilakaera musikalki laguntzeko. Egur hotsak espazioa bete zuen, eta une batez, eskulturak eta soinua elkarrizketan ari zirela zirudien.

Amaierara hurbiltzen ari ginela, Maialen agertu zen isil-isil akordeoiarekin, oholtza gaineko “eskultura bizien” artean paseatzen. Hasieran doinu leunak entzun ziren; pixkanaka, doinu horiek “Aita San Antonio” abesti tradizionalera bihurtu ziren. Orduan dantzariak berriro mugitzen hasi ziren, eta giroa epel eta hunkigarri bihurtu zen. Handik gutxira, Oliviak eta Julenek panderoa eta alboka gehitu genituen, momentuari indarra eta poza emanez.

Azken zatian, benetako festa etorri zen. Biribilketa klasiko batekin itxi genuen saioa. Maialenek gidatuta, eta panderoek lagunduta, kalejiraren energia oholtzara ekarri genuen. Oihalak ixteko unea iritsi zen, baina publikoak ez zuen nahikoa izan. Txalo zaparrada eta oihu artean, berriro atera ginen aurrera, biribilketa errepikatzera. Atzean, dantzariak indarrez dantzan ari ziren. Une magikoa izan zen.

Publikoaren erantzuna beroa eta zintzoa izan zen. Denok sentitu genuen zerbait berezia gertatu zela. Arte diziplina ezberdinak elkartu ziren, eta euskal doinu eta erritmoek oholtza handi batean tokia hartu zuten.

Guretzat, Bremengo Euskal Kultur Elkartetik, horrelako elkarlanak oso baliotsuak dira. Euskal kultura gure mugen haratago zabaltzeko aukera ematen digute, eta aldi berean, beste artista eta publiko berriekin topo egiteko. Gainera, primeran pasa genuen.

Eskerrik asko deloopers taldeari eta Theater Bremen-i ateak irekitzeagatik. Halako esperientziek gogorarazten digute kulturak elkarrengana hurbiltzeko duen indarra.

Txalaparta oso instrumentu baioanitza da.