Bremengo Korrika 2026

      Ez dago iruzkinikBremengo Korrika 2026 sarreran

Aurten ere Bremengo Euskal Kultur Elkarteak Korrika ospatu zuen martxoaren 22an, eguerdiko 12:00etatik arratsaldeko 17:00etara. Unibertsitatearen ondoko lakuan elkartu ginen, hogeita piku lagun inguru, ume asko tartean, eta beti bezala giro bikaina sortu zen hasieratik.

Musika ez zen falta izan: txalaparta, alboka eta panderoa lagun, giro alaia eta euskalduna izan genuen goiz osoan zehar. Horrez gain, piknik ederra egin genuen; bakoitzak zerbait ekarri zuen etxetik, eta mahaiak laster bete ziren patata-tortilla eta bestelako jaki goxoekin. Eguraldiak ere lagundu zuen: pixka bat fresko bazegoen ere, eguzki ederra egin zuen, eta kamisetatan egoteko moduko eguna izan zen.

Eguerdi aldera, pixkanaka mugitzen hasi ginen. Karroa prestatu genuen, mikrofonoa piztu, jendea bildu eta gure Bremengo Korrikari hasiera eman genion. Unibertsitateko lakuaren inguruan egin genuen ibilbidea, eta aurten lehenengo aldiz, umeek ere buelta osoa eman zioten lakuari! Primeran moldatu ziren, bata besteari lekukoa pasatuz eta gure leloak ozen errepikatuz:

Tipi-tapa, tipi-tapa, Korrika!
Bremen ere euskararen alde!
Ika-ika-ika, hemen dator Korrika!

Inguruko jendeak jakin-minarekin begiratzen zigun, eta askotan azalpenak emateko aukera izan genuen. Alemanieraz ere kontatzen genuen zer ari ginen egiten:
Korrika ospatzen ari gara, euskararen aldeko lasterketa, die Korrika – ein Lauf für die baskische Sprache.

Horrela, argi geratzen zen euskararen alde korrika ari ginela, harro, euskaldunak garelako eta gure hizkuntza bizirik mantendu nahi dugulako, Euskal Herrian egiten den bezala. Lekukoa eskuz esku pasatuz, beti aurrera.

Lakuari buelta osoa eman ondoren, amaieran lekuko barruan zegoen mezua atera eta irakurri genuen. Ondoren, taldekideekin jarraitu genuen, musika jotzen, solasean eta umeak parkean jolasten. Gainera, txalapartak beti pizten duen interesa dela eta, bertaratutako askok galderak egin zizkiguten eta gure kulturari buruz gehiago jakiteko aukera izan zuten. Beste behin ere, euskal kultura zabaltzeko une polita izan zen.

Esperientzia oso ederra izan zen, eta denok primeran pasatu genuen.

Hurrengo Korrika bi urteren buruan izango da, baina ordura arte, Bremenen ere tipi-tapa, tipi-tapa, euskararen alde lanean jarraituko dugu, beti bezala.