Aurten ere, urtero bezala, Bremengo Euskal Kultur Elkarteak (BEKE) Bremengo Venuslauf 2026 elkartasun-ekimenean parte hartu du. Irailaren 20an, igandean, Bürgerparkera hurbildu ginen gure txalapartarekin, minbiziaren aurka borrokatzen duten pertsonei gure elkartasuna adierazteko eta Bremer Krebsgesellschaft elkartearen aldeko ekimenari gure ekarpen txikia egiteko.
Venuslauf lasterketa baino zerbait gehiago da. Helburua ez da helmugara lehenengo iristea, baizik eta ahalik eta kilometro gehien pilatzea. Parte-hartzaileek oinez, korrika, bizikletaz edo bestelako modutan egiten dituzte kilometroak, eta babesleei esker kilometro horiek Bremer Krebsgesellschaft-en aldeko dohaintza bihurtzen dira.
Eta gu? Guk beste modu batean lagundu genuen: kilometroei erritmoa jarriz.
Txalaparta Bürgerpark erdian
Aurten Dyckhoffpavillon inguruan jarri ginen, haurren jolasleku handiaren eta Marcusbrunnen iturriaren artean. Venuslaufeko ibilbide laburra gure ondotik pasatzen zen, baina ibilbide luzeagoetako korrikalariak eta ibiltariak ere ez zebiltzan urruti.
Goiz osorako euria iragarrita zegoen, eta eguraldiari begira joan ginen Bürgerparkera. Azkenean, ordea, ez zen ia aterkirik behar izan: euririk ez, tarteka eguzkia ere bai, eta iraileko goiz atsegina Bremenen. Korrikalari, ibiltari, antolatzaile eta bisitariek eguraldi ederraz gozatzeko aukera izan zuten.

Ez ginen, noski, goizeko musikari bakarrak. Inguruan samba eta batukada doinuak ere entzuten ziren, Venuslaufeko giroari erritmoa jarriz. Hasieran beste perkusio taldea gugandik gertuago zegoen; gero, bakoitzak parkeko bere txokoa hartu zuen eta erritmo ezberdinak Bürgerparketik zabaltzen joan ziren.
“Zer instrumentu mota da hori?”
Txalapartarekin jotzen dugunean sarritan gertatzen den bezala, musikak ez zuen korrikalarien arreta bakarrik piztu. Atseden txiki bat hartzen genuen bakoitzean, jendea hurbiltzen zitzaigun galdezka:
Zer instrumentu da hori? Nongoa da? Zer egur mota erabiltzen duzue? Nola jotzen da?
Batzuek lehen aldiz ikusten zuten txalaparta, eta beste batzuek jotzen saiatzeko aukera ere izan zuten. Horrelako uneak bereziki gustatzen zaizkigu, txalaparta jotzeaz gain, euskal kultura Bremenen ezagutarazteko aukera ematen digutelako.
Eta txalaparta ez da, gainera, instrumentu isila. Historikoki urrutitik entzuteko gai den tresna da, eta oraingo honetan mikrofono eta bozgorailu txiki batekin ere lagundu genuen soinua. Horri esker, txakunaren oihartzuna parkeko eta basoko bideetatik urrutira zabaltzen zen. Gure aurretik pasatzen ez ziren ibilbide luzeetako parte-hartzaile batzuek ere txalaparta entzun zezaketen inguruko bideetatik.
Goizeko pasadizo politenetako bat jotzen ari ginela gertatu zen. Talde bat gure aurretik igarotzen ari zela, gizon batek irribarrez ukabila altxatu eta ozen esan zigun:
“Gora Euskadi!”
Ez genuen espero, baina irribarrea atera zigun. Badirudi txalapartaren hotsa ez dela bakarrik urrutira iristen: batzuetan oroitzapenak ere ekartzen ditu.
Giroa eta elkartasuna, erritmo berean
Venuslauf bezalako ekimen batean parte hartzea berezia da guretzat. Euskal kulturaren zati txiki bat Bremengo ekitaldi solidario batean erakusteko aukera ematen digu, baina batez ere helburu garrantzitsu baten alde gure ale txikia jartzeko aukera.
Goiz hartan batzuk korrika aritu ziren, beste batzuk oinez, beste batzuk antolaketan laguntzen, eta beste batzuk musika egiten. Bakoitzak bere modura, baina denok norabide berean.
Bideo honetan goizeko giroaren zati txiki bat ikus —eta batez ere entzun— daiteke: txalaparta, Bürgerpark, korrikalariak eta Venuslauf 2026ko giroa.
Pausoz pauso, kilometroz kilometro eta txakunaz txakun, minbiziaren aurka. 💚
