Vendetta ska taldeak zioen bezala… 🎶 ‘San Juan suak senti nahirik, bero haren falta dut nik’. Beroa gerturatzen ari bada ere, Bremendik Euskal Herrian dauden gutarren falta sumatzen dugu. Baina badator oso data seinalatu bat, etxetik pixka bat hurbilago sentiarazten gaituena.
San Juan festa gertu dago eta honekin batera, Bremenen gau magiko eta tradizioz betea bizitzeko aukera. Gogora dezagun iazko, 2023ko, ospakizuna. Bertan bildu ginen ilusioarekin gozamenez betetako aurpegi eta eskuekin: pintxoak, patata tortillak, gazta eta membrilloz beteta. Txikienek ere izan zuten beren goxoki-festa, sekulako otordua!
Lehenik eta behin, pixkanaka denok elkartu eta giro ona berotzeko, San Juan gaua Euskal Herriko eskualde bakoitzean nola ospatzen den eta azken urteotan Euskaditik kanpo nola ospatu izan ditugun partekatu genituen (beti ere etxeko morriña elikatzeko eta ere berean bakoitzaren esperientzia entzuteko). Berehala, txalapartaren musikaz bete zen giroa, eta bertako zenbait bitxiren arreta erakarri zuen. Irrintzi eta dantza artean, gaztetxoen poz eta algarez gidatuta, alboka eta pandero musikarekin jarraitu genuen, gure sustrai eta kultura ospatzen.
Ilunabar kolore zoragarri batek gauari bide ematen zion bitartean, agur esan genien sorgin txikiei 🧙♀️, baina San Juan bakoitzak gu denok bat egitera jarraituko dugun itxaropenarekin, euskaraz hitz eginez, gure esperientzia kulturalak partekatuz eta gure tradizioa sutatik gertu dagoen edonorengana hurbilduz.
Aurten ere irrintziak ekarriko ditugu arima gaiztoak uxatzeko! Baina egutegi kontuak direla eta, bi egun lehenago ospatuko dugu. Beraz, markatu zuen egutegiak: 2024ko ekainaren 21an (ostirala) bilduko gara San Juan gaua ospatzeko. Adi egon hemen eta gure sare sozialetan ditugun argitalpenei, xehetasun gehiago nahi izanez gero.
Prest al zaudete Bremengo euskal sugarrarako? 🔥