Joan den larunbatean, ekainaren 28an, eguzkiak goiz-goizetik iragarri zuen egun berezia izango zela. Bremengo Cervantes Institutuan ospatutako Udako Jaian parte hartzeko ohorea izan genuen, eta eguzki-izpiek bezala, musika, kultura eta elkar topaketek blaitu zuten egun osoa.
Txalapartaren hotsak izan ziren gure lehen agurra. Oholen arteko kolpe bakoitza bihotzetik zetorren, eta berehala gerturatu ziren hamaika aurpegi jakin-minez, lehen aldiz tresna horren magia dastatzera. Batzuentzat lehenengo aldia zen egurrezko soinua esku artean sentitzen; beste batzuk, urruneko oihartzun gisa, Euskal Herriaren arnasa entzuten zuten horretan.
Gure stand txiki baina zinez handi horretan, jende askok Euskal Herriaren koloreak eta usainak ezagutu zituen: mendien berdea, itsasoaren urdina, euskal plateren zaporeak eta gure jendearen beroa. Hizketaldiak piztu ziren: “Non dago Euskal Herria?” “Zein da zuen hizkuntza?” “Zer da taloa?” eta, azkenean, elkarrizketa bihurtu zen zubi bat gure munduen artean.
Eta arratsaldeak aurrera egin ahala, kalejira abian jarri zen. Akordeoiaren doinu gozoa abiatu zen lehenik, eta haren atzetik, aita-alaba bikote zoragarri baten pandero hots alaia. Doinuak bidea ireki zuen, eta jendea, zalantzak uxatuta, dantzan eta algaran kalejirara batu zen.
Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu egun hartan gurekin egon zineten guztioi: txalaparta jotzera ausartu zinetenoi, gure kultura ezagutzeko interesa agertu zenutenoi, eta kalejiran dantzan murgildu zinetenoi.
Guk bihotzez gozatu genuen. Harreman berriak, irribarreak eta oroitzapen ederrak eraman genituen etxera. Eta orain, hurrengo aukera noiz iritsiko zain gaude, berriz ere musikak eta kulturak biltzen gaituen egun bat bizitzeko.
📌 Gure hurrengo jardueren berri izateko, jarrai gaitzazue Instagramen!
#udakofesta #fiestadeverano #sommerfest #beke #bremengoeuskaldunak #baskischerverein #baskeninbremen #baskisch #institutocervantesbremen #txalaparta #kalejira #euskalmusika #euskalkultura #culturavasca #baskischekultur #baskischemusik #musika #bremen #baskenland #euskara #basqueculture #2025